Nire aitona-amonak ikazkinak izan ziren. Nire aitonak, urtero, mendietako enkanteetan parte hartzen zuen. Irabazten bazuen, gizon-talde bat kontratatu, eta mendira ikatza egitera joaten zen. Egun batean, aitonak anaia eta biok eraman gintuen mendira. Ikatza egiten zuten lekura joan ginen. Kamioi zahar batean joan ginen. Artean, nik hamaika urte neuzkan.
Kamioitik jaitsi ondoren, berehala igo ginen mendira. Mendian, pagadi batean, kea botatzen zuten lokatzez estalitako tontor batzuk ikusi genituen. Aitonak esan zigun txondorrak zirela. Gero azaldu zigun nola egiten ziren ikatz-txondorrak. Hauxe izan zen azalpena:
“ Zuhaitz bat hautatu ondoren, adarrak mozten ditugu -ezin dugu enborrik moztu debekatuta egoteagatik-. Adar horiek pilatu ondoren, lohiz estaltzen ditugu. Baina bost edo sei zulo egiten ditugu, txondorrak arnasa hartzeko. Azkenean, txondorra pizten dugu, eta egunean behin betagarri eman behar diogu. Gainean jarrita, langile batek adar lodi batekin jotzen du barruan. Horrela txingarrak apurtu eta nahasten dira. Aste bat pasatu ondoren, ikatza jasotzen dugu. Ikatza eta egurra ikaztegira bidaltzen ditugu, zuen amonak saltzeko ”. Aitona mendian egon bitartean, amona ikaztegian zegoen ikatza eta egurra saltzen.
Orduan, ezer gutxi ulertu nion aitonari, baina denbora pasa eta gero, ikasi nuenaz ohartu nintzen. Orain gogoratzen dut oso lan latzak zirela, bai aitonarena, bai amonarena.
Duela berrogeita bost urte, Gazteluko Gurutzea mendian, berriro ikatz-txondorra ikusi nuen. Eta Tasio filmean ere bai.