Gaur, azkenean, semeak lotara goiz joan dira. Gauzak horrela, azkenean bikotekideak eta biok elkarrekin hitz egin dezakegu, betarik inoiz ez daukagu eta. Hasi baino lehen, arreta ez galarazteko, irakurri ditugu whatsapp-ak. Ba, prest gaude. Itxaron pixka bat! Ez genuen Airbnb-ko etxea aukeratu behar oporretan joateko? Gaur egiten ez badugu, agian kendu egingo digute. Bakoitzak bere sakelakoaz bilatzen saiatu gara aukera onena. Txolarte dezente pasatu eta gero, etxe bat aurkitzea lortu dugu. Primeran! Zoritxarrez berandu da jadanik, goiz jaiki beharko baitugu. Hobe da ohera joatea. Ea bihar hitz egiteko astirik dugun.

Komunikazio aroan bizi omen gara. Ez dago inor eskuko telefonoa ez daukana eta horri esker denetarik egin dezakegu. Bai harremanak mantentzeko, bai informazioa bilatzeko erabiltzen dugu egun osoan. Zer esanik ez, ezinbestekoa da, eta galduko bagenu, arazo handia genuke eta egun berean beste bat erosiko genuke.

Tamalez, komunikatzeko balio digun arren, uste dut ondoan ditugunengandik urruntzen gaituela. Arreta ematen dit ikusteak – gero eta gutxiago– gazte talde bat eta bakoitza bere sakelakoa ikusten. Agian haien artean jolasten dira edo sare sozial baten bidez hitz egiten dute, baina ez dakite sakelakorik gabe egoten. Gazteei ez ezik, pixkanaka-pixkanaka guri ere gauza bera gertatzen zaigu, gero eta menpekotasun handiagoa daukagu eta.

Hori esanda, geure buruari neurriak ipini beharko genizkioke. Etxean, adibidez, ez da beharrezkoa eskukoa begiratzea egun osoan eta ondo legoke sarreran uztea. Esaten dugu seme-alabak beti sakelakoarekin dabiltzala, baina zer eredu ematen diegu? Sakelakoa utz dezatela nahi badugu, guk lehenago egin beharko dugu. Gure esku dago.

Haurrak goiz oheratzen diren hurrengo aldian utziko dut telefonoa beste gela batean, badakidalako  berriro gauza bera gertatuko dela. Ezertaz hitz egitekorik ez badaukagu, hitz egin gabe harremanak proposatuko diot bikotekideari, baina mugikorrik gabe eta ohera joanda. Ziria sartzen badiot, sakelakoarekin baino askoz hobeto pasatuko dugu.

Eskerrak oraindik gauza pila bat egin dezakegula telefonoaren laguntzarik gabe, nire etsai mina da-eta.

 

Gasteiz euskaltegiko ikaslea

Erlazionatutako argitalpenak

Utzi erantzuna