Txikitako futbolin hura

Jarraian, Kike ikaskideak idatzitako artikulua daukazue irakurgai. Idazlan honetan Kikek txikitan Errege Magoek ekarritako opari kuttuna ekarri du gogora, futbolina. Mila esker, Kike, zure oraoitzapenak gurekin partekatzeagatik!

 

Nire ametsetako jostailua futbolina zen eta gogoratzen dut sei urte nituenean Errege Magoek futbolin txiki bat ekarri zidatela. Errege Magoen eguna egunik onena izaten zen niretzat, eta egun hartan asko kostatzen zitzaidan lo egitea urduri baino urduriago nengoelako. Erregeen egun horietako batean beti desiratu nuen oparia jaso nuen: futbolina. Eta denborarekin konturatu naiz zergatik zen ahin berezia opari hura.

Egun batzuk lehenago gutun bat idatzi nien erregeei nahi nituen opariak eskatzeko, eta urtean zehar zer ondo portatu nintzen kontatzeko. Aurreko egunean zapatak egongelako leihoaren ondoan jarri nituen, urtero bezala. Esnatu bezain laster egongelara joan nintzen zer ekarri zidaten ikustera, eta hantxe zegoen, aspalditik itxaroten nuen futbolina. Ikusi nuenean ezin nuen sinetsi, oso pozik jarri nintzen.

Ohearen azpian gordetzen nuen eta ahal nuen guztietan anaiarekin jolasten nintzen. Batzuetan lehengusuak ere etortzen ziren etxera jolastera, izan ere, eraikin bereko hirugarren pisuan bizi zirenez, oso erraza zein haientzat futbolinean jolastera igotzea, gu azkenengoan bizi ginelako, seigarrenean.

Nire futbolina ez zen tabernetakoa bezalakoa, haiek baino txikiagoa zen, baina antzekoa. Jokalariak egurrezkoak ziren, baita pilotak ere. Zelaia arbelezkoa zen eta barrak burdinezkoak. Azkenean, tabernetakoak baino hobea zen jolasteko diruaren beharrik ez zegoelako.

Alde batetik, askotan aritzen nintzenez, oso trebea izatera iritsi nintzen. Normalean lagunei irabazten nien, eta bestelako norgehiagokak ere irabazten nituen.

Beste aldetik, institutu ondoan taberna bat zegoen, eta han ere futbolina, eta egun osoa pasatzen nuen tabernan piper egiten. Hortaz, aitortu behar dut agian ez zela hasieran uste nuen bezain jostailu ona.

Ez da kontsolatzeko, baina lagun batek esaten zuen esaldi bat gogoratzen dut: “Futbolin edo mus partida batean matematika klase batzuetan baino gehiago ikasten da”.

Dena den, eta laburbilduz, futbolin hari esker izugarri ondo pasatu dut.

Erlazionatutako argitalpenak

Utzi erantzuna