Realityak, ezin seguruagoak

Joan den astean reality show-ei buruzko artikulu bat irakurri nuen. Argitalpen horretan oso gogor kritikatzen zituzten horrelako telebista saioak. Artikulu horretan lehiakideen bizitza arriskuan jartzen zela ziurtatzen zen audientzia gehiago lortzeko. Nire ustez, zalantzarik gabe, kritika horiek ezjakintasunetik egiten dira. Inolako zalantzarik gabe. Zergatik? Ez dakitelako nola lan egiten dugun ekoiztetxeok programa horiek egiten ditugunean. Argi eta garbi utzi nahi dut geure lehentasun osoa lehiakideen ongizatea dela. Gainera, onartu behar da ezbairik gabe realityak puri-purian daudela. Zergatik? Telebista egiteko modu hau ikuslearentzat biziki erakargarria eta dibertigarria delako.

Lehenik eta behin, azpimarratu nahi dut geure lan egiteko modua zeharo profesionala dela eta gure lehentasuna lehiakideen segurtasuna dela. Hala ere, zoritxarrez, segurtasun neurri guztiak hartu arren, zenbaitetan istripuak istripuak dira, eta edozein unetan gerta daitezke.

Lehen esan dudan bezala, ekoiztetxeok izugarrizko ahalegina egiten dugu geure lana ondo egin nahian, eta, batez ere, lehiakideen segurtasuna bermatzeko. Jendeak jakin behar du reality batean parte hartu baino lehen lehiakideek proba mediko guztiak gainditu behar dituztela. Hau da, medikuen baimenik gabe ezin dute realityan parte hartu. Horretaz gain, saioan zehar parte-hartzaileak zaintzen dituen zerbitzu bat dago. Esandako guztiagatik, erabat frogatuta geratu da lehiakideen osasuna zeharo bermatuta dagoela.

Ezin da ukatu horrelako telebista saioak oso dibertigarriak eta erakargarriak direla. Zorionez, programa horiei esker, edonork bere bizitzako esperientzia bizi dezake paradisuan. Eta horretarako, sekula ez diegu eskatzen lehiakideei haien bizitza arriskuan jartzeko, ikuskizuna emateko eta audientzia handitzeko. Sekula ez.

Azkenik, azpimarratu nahiko nuke ekoiztetxeok geure betebeharrak betetzen ditugula eta lehentasuna beti lehiakideen ongizatea dela. Alegia, saioan zehar istripuren bat edo gaixotasunen bat izanez gero, medikuek erabakitzen dute lehiakideak saioan jarraituko duen. Bestalde, oso garrantzitsua da esatea ez dagoela inolako arazorik ospitalera joateko, nahiz eta lehiaketa uharte batean egin. Horretarako, beharrezko baliabide guztiak ditugu.

Horregatik guztiagatik, esan genezake zalantzarik gabe realityak, dibertigarriak izateaz gain, lehiakideen osasuna eta segurtasuna bermatzen duten saioak direla. Kontrakoa esatea onartezina izango litzateke.

 

Elena González De Zárate Ramírez

Erlazionatutako argitalpenak

Utzi erantzuna