Atzoko eta gaurko elikadura, zein hobea? (C1.1, 13. eginkizuna, idatzia)

GAURKO ELIKADURA. BENETAN, ONA DA?

Ezin hobeki gogoratzen dut soilik maiatzeko eta ekaineko lehenengo egunetan jan ahal zirela marrubiak. Dudarik gabe, nire urteko sasoi gustukoena zen. Gaur egun, ostera, edozein sasoitan jatea dago: hori bai, zaporerik gabe.

Inork ez du zalantzan jartzen elikadura aldatu dela, baina hain argi ez dagoena da gaurkoa hobea den ala ez.

Aniztasunari dagokionez, ezin da ukatu gaur egungo elikagaien eskaintza handiagoa dela. Kinoa dela, humusa dela, mangoa dela… Nik esango nuke elikagai desberdinak, errepikatu gabe, urte oso batez jan genitzakeela. Hori, osasunaren ikuspuntutik, oso ona da dieta orekatua eramateko. Orain dela 50 urte, berriz, oso desberdina zen egoera. Azoketan ez zen erraza aniztasuna aurkitzea, eta gainera, bakoitzak bere baratzea zeukanez, leka sasoian, lekak bazkaltzen eta afaltzen zituen; izan ere ez zegoen dirurik beste produktu batzuetan gastatzeko.

Modu berean, elikagaiak prestatzeko era asko aldatu da azken urteotan. Nire adinekook etengabe jan ditugu gisatu eta frijituak: izan ere, olioa edozein janarirentzat erabiltzen zen. Gaurko gurasoek, ordea, ez dute hainbeste olio erabiltzen, eta agian osasungarriagoa izateagatik edo, agian, denbora ezagatik, nahiago dute mikrouhina erabili.

Baina, nire ikuspuntutik, kalitatea da alde nagusiena; izan ere, lehen, produktuak berehala jaten ziren; hau da, elikagaiak lurretik mahaira zihoazen. Orain, Eroskin erosten dugun uraza edozein lekutatik dator eta hilabete bat edo darama poltsan. Hori gutxi balitz bezala, hain kontsumista da gizartea, non kimika asko erabiltzen duten, dena azkar baino azkarrago haz dadin. Kimika horrek balio du bai berdura edo lekaleentzat, bai arrain edo okelarentzat.

Ez dakit zer pentsatzen duzuen zuek, baina, niri dagokidanez, sinestezina iruditzen zait orain dela berrogei urte baino okerrago jatea. Ez dakit, baina hainbat gauzatan atzerantz goaz. Aurrekoa kontuan hartuta, gure elikadura aldatu beharko genuke. Lehenik eta behin, sasoiko produktuak baino ez ditugu erosi behar. Halaber, hemengo produktuak erosi beharko genituzke duela gutxi bilduta egoteagatik, eta, horrez gain, gure ekonomia bultzatzeko. Hori egiten baduzue, merkeago eta osasungarriago jango duzue. Proba egin ezazue! Ez zaizue damutuko!

Jose Antonio

Erlazionatutako argitalpenak

One thought on “Atzoko eta gaurko elikadura, zein hobea? (C1.1, 13. eginkizuna, idatzia)

  1. Eskerrik asko, Jose Antonio! Bikain erabili duzu konparazio/kontrastea ildoa.

    Eta, besteok, gogoratu ildo hau hainbat gai jorratzeko egokia izan ohi dela. Hortaz, Jose Antoniok egindako paragrafo-antolaketa hau beste gai batzuetarako ere erabiliko bagenu? Probatu, probatu…

    Mikel

Utzi erantzuna