AMETS HANDIAK EGITEN
Amets handiak egiten. Gainera, zenbat eta handiagoak, orduan eta hobeto. Hori da gizakien lelorik garrantzitsuena. Ematen du “txiki” aditzondoa hiztegian desagertu egin dela. Arlo guztietan den-dena handia izan behar da. Handia esan al dut? Barkatu, handia ez da nahikoa, erraldoia izan behar da, bi hanketan ibiltzen diren izaki bizidunen gustukoa izateko. Eta aisialdiari buruz hitz egiten badugu, gauza bera gertatzen da. Ez gara konformatzen jolasleku arruntekin. Nork nahi du zabua, txirrista edo kulunka? Horrelako tramankuluak izugarri aspergarriak dira. Horrez gain, ez daukate zulorik txanponak sartzeko…Dohanik direnez, xarma guztia galdu dute.
Baina, ez kezkatu, amets handien sortzaile nagusiak Arabara ailegatu dira kontu hori konpontzera.
Estatu Batuetako enpresa bati parke tematiko erraldoi bat eraikitzea bururatu zaio Gasteiztik hurbil. Lurraldea aztertu eta gero, konturatu dira Arabako kokapen estrategikoa ezin hobea dela. Hau da, gure zonaldetik jende asko pasatzen da urte-sasoi guztietan. Horretaz aparte, Arabako lurra beste leku batzuekin alderatuta, askoz merkeagoa da. Alde batetik, ugari daudelako eta bestalde, sarritan hutsik daude eta. Agerian dago, gero eta jende gutxiago lan egiten ari dela nekazaritzan.
Baina proiektu horrek ez dauzka bakarrik onurak bultzatzainleentzat, baita Arabako biztaleentzat ere. Behintzat, hori errepikatzen dute behin eta berriro.
Lehenbizian, hutsik dauden lurren jabeentzat etekinak sortuko dira, Amerikako ametsari saldu ahalko baitiote. Baina, horrekin batera, ziurtatzen dute hirian tokian tokiko merkataritza, ekonomia, ostalaritza, eta abar suspertuko dela.
Tamalez, nik ez dut horrela ikusten. Parke tematiko erraldoi hori eraikitzeko azpiegitura handia behar da, eta, horretarako, diru inbertsio dezentekoa ezinbestekoa da. Eta burura datorkidan galdera da nondik aterako duten hainbesteko dirutza. Azkenean, diru publikoa baino ez da izango. Nola ez! Dirutza martxan jartzeko zein mantentzeko.
Ez diot inori ametsa apurtu nahi, baina adibide asko ikus ditzakegu hainbat hiritan nola behin inbertsio handia eginda, urte gutxi pasa eta gero dena hankaz gora geratu den. Benetan, merezi al du?
Burdinezko erraldoi horiek jende askoren gustukoak badira ere, kalte handiak eragiten dituzte. Hala nola: zarata, zikinkeriaz betetzen diren inguruak , galera ekonomikoak…
Hori guztia kontuan hartuta, mesede bat eskatzen diet amets egileei: Utzi bakean Araba, mesedez. Hemen bizi garenoi amets txikiak egitea gustatzen zaigu. Begiratu Zeledoni, Arabako ospetsuena izan arren, etxe berri egiteko orduan, nahikoa izan zuen leiho eta balkoi batekin.
Azken finean, niri ere amets egitea gustatzen zait, baina den-denak hurrengo egunean, oinak lurrean behin jarrita, ez ditut martxan jartzen.
Gasteizen, 2019ko azaroaren 23an
Laura Saez