Mutila jaio izan banintz

Neska jaio nintzen, baina mutila jaio izan banintz, seguru aski nire bizitza, nolabait, desberdina izango zen. Zorionez, balioei dagokienez, ziur nago berberak izango zirela, zeren eta nire familiari eta bizitzan zehar ezagutu ditudan pertsona batzuei esker ikasi baitut ausarta izaten, nigan konfiantza eta segurtasuna edukitzen eta nahi nuena izatea posible zela sinesten.

Hala ere, gizarteak zailagoa jarri dit. Adibidez, txikitan, mutila izan banintz, futbolean gehiago jolastuko nintzen, betidanik, edozein kirol egitea gustatu izan zaidalako, baina neska gutxi ginen. Beraz, nahiko baztertuta sentitzen nintzenez, erabaki nuen futbola  alde batera uztea, eta atsedenean nire lagun neskekin beste zerbaitetan jolastea. Orain, kanpotik ikusita, konturatu naiz eskolako patioaren banaketa oso bidegabea zela. Mutilek ia patio osoa erabiltzen zuten jolasteko, eta guk, berriz, taldeka izkina batean hitz egiten, dantzatzen, edo auskalo zer egiten! Baina beti leku txiki batean… Izan ere, horretaz bakarrik beste bi orrialde idatzi ahalko nituzke, zeren eta horri buruzko artikulu interesgarri bat irakurri nuen, eta generoaren aldetik aztertzen zuen nolakoa den patioaren arkitektura.

Nerabezaroan, mutila izan banintz, kalea eta gaua atseginagoak izango ziren. Ez zen beharrezkoa izango, etxera iristen nintzen bakoitzean, berehala nire lagunei mezu bat bidaltzea etxera heldu nintzela abisatuz. Ez zen beharrezkoa izango, mutil talde bat ikustean, espaloiaz aldatzea. Ez zen beharrezkoa izango, diskoteka batean geunden bakoitzean, nire kopa oso ondo kontrolatuta edukitzea, inork drogarik bota ez ziezadan. Azken finean, ez zen beharrezkoa izango, hainbesteko beldurra pasatzea.

Lanean, gizona izan banintz, serioago hartuko ninduten. Zoritxarrez, oraindik, eraikuntza munduan esaterako, neska eta gaztea bazara, bikoitza edo hirukoitza erakutsi behar duzu zu   kontuan hartzeko. Dena den, esan dezakegu ia edozein lanpostutan emakumeok %200 eman behar dugula gure balioa erakusteko. Gainera, gizona izan banintz, 30 urtetik aurrera ez nuen lanaz aldatzearen beldurra izango nire lan-baldintzak hobetzeko. Baina emakumea bazara, adin horretatik aurrera enpresentzat utero bat baino ez zara, eta bai ala bai pentsatuko dute momentu batean haurdun geratuko zarela. Baina zeure buruari galdetu diezaiokezu: “eta ama izan nahi ez badut?”. Berdin da, zaku berean sartuko zaituzte.

Hortaz, bistan dago: gizona jaio izan banintz, nire bizitza bidezkoagoa izango zen.

Julia (C1eko ikaslea)

2022/03/10

Erlazionatutako argitalpenak

Utzi erantzuna