Jarraian B1 mailako Victorrek idatzitako artikulua duzue irakurgai. Idazlanean Victorrek bere txikitako jostailu kuttun bat ekarri du gogora, Errege Magoek oparitutako pistolak. Mila esker, Victor, zure ekarpenagatik!

 

Haurtzaroan jostailuak edukitzeko Errege Magoei itxaron behar nien, edo bestela urtebetetze egunari. Izugarrizko ilusioa egiten zidaten egun haiek. Ez nekien eskatu nituen opari guztiak ekarriko zizkidaten, baina normalean horietatik bat gutxienez lortzen nuen.

Opari horietako bat pistola jokua izan zen. Gogoratzen dut anaiarekin joaten nintzela kalean jolastera. Hantxe ibiltzen zen auzoko taldea, eta haiekin biltzen ginen indiarretan jolastera. Niri gehien gustatzen zitzaidana pistoleroarena egitea zen, pistolekin leku guztietara joaten nintzen, eta edonon hasten nintzen tiroka.

Zarata handia ateratzen zuten pistola haiek, horregatik, aitak batzuetan kendu egiten zizkidan, buruko mina ematen zioten eta. Berak ezkutatzen zituen, baina nik banekien non gordetzen zituen. Beraz, aita etxean ez zegoenean, pistolak berriro hartzen nituen lagunekin jolasteko.

Pistola haiek plastikozkoak ziren eta, hainbeste erabili nituenez, azkenean apurtu egin zitzaizkidan. Zelako disgustua hartu nuena! Baina aitari esker berreskuratu egin nituen, berak konpondu baitzituen. Hori bai, handik aurrera, aitaren konponketari esker, askoz zarata txikiagoa ateratzen zuten.

Erlazionatutako argitalpenak

Utzi erantzuna