Miñan liburuak Ibrahimaren historia kontatzen du. Protagonistak Gineako jaioterria utzi eta bidaia luze bati ekin dio etxetik alde egin duen anaia txikiaren bila. Basamortuak gurutzatu eta hamaika kalamidade pasa ondoren, Europara ontziratu da. Berta gure ikaskideak Ibrahimen larruan sartu eta Gineako jaioterrian utzi duen familiari gutuna idatzi dio. Hona hemen idazlana (*kontuz! liburua irakurri ez baduzue, spoiler bat edo beste egon daiteke!)
Ama maitea,
Aspalditik ez dizuet kontatu nola nagoen, beraz, gutun hau idaztea arabaki dut.
Une honetan Europatik idazten dizuet. Bidaia luzea eta arriskutsua izan da. Beti anaiaren bila. Afrikan nengoela, batzuek esan zidaten zodiak batean sartu zela, eta hondoratu egin zela, baina ez dakit, agian ez zitzaion ezer gertatu eta onik atera zen. Horregatik, jarraitu nuen nire bidaia, badaezpada ere, anaia handia naizelako, eta anaia handiak txikia zaindu behar duelako. Halaxe erakutsi zigun aitak.
Bidaian basamortuak zeharkatu nituen, eta bizitza galtzearen beldur izan nintzen askotan. Baina, orduan, zuengan pentsatzen nuen, anaiarengan, arrebengan eta zugan, ama.
Europara iritsitakoan konturatu nintzen bidaia ez zela hemen amaitzen. Hemen geratzeko lan bat eduki behar duzu, eta paperak. Baina lana edukitzeko paperak beharrezkoak dira, eta paperak edukitzeko lan egin behar duzu. Eta horrela funtzionatzen du denak. Ez da batere erraza.
Bidaian lan egiteak balio izan zidan ez erotzeko. Eta horretan saiatzen naiz hemen. Eskuekin egin dezakedan lan bat aurkitu nahiko nuke, adreiluak eramaten, edo porlana nahasten… Eta lana lortzen dudanean dirua irabaziko dut, eta bidali egingo dizuet, ahuntz gehiago erosteko.
Baina kamioi gidari lanetan amaitu nahi nuke. Eta pisu txiki bat alokatu. Baina hori denborarekin iritsiko dela esaten dute hemen. Denbora askorekin. Ez dakit zenbat.
Bitartean anaia txikiaren bila jarraituko dut, eta ahal dudan guztietan jarriko naiz zuekin harremanetan.
Otoitz egiten dut zuen alde. otoitz egizue zuek ere nire alde.
Asko sumatzen zaituztet faltan.
Ibrahim