TURISMOAREN ARAZOAK
Denok dakigunez, gaur egun gero eta errazagoa da bidaiatzea; nire ustez, teknologiari esker. Azken urteotan aurrerapen teknologiko asko egon dira, eta hori bidaiatzeko orduan nabaritzen da. Orain lehen baino azkarrago heltzen gara edozein lekutara. Gainera, aukera gehiago dauzkagu eta askoz merkeagoak, esaterako, Blablacar, Uber, trena, hegazkina… Baina, horretaz aparte, telebistaren eta sare sozialen ondorioz bidaiatzea modan jarri da. Ez dakit astero zenbat bidaiei buruzko programa ematen dituzten telebistan, baina asko dira.
Esandakoagatik leku askotan ikusten da azken urteotan turismoa bikoiztu edo hirukoiztu egin dela. Baina kontua da turismoa hain handia denean ezin dela ondo kontrolatu eta ondorioak ekartzen dituela, batez ere, festa-turismoa denean.
Gai honi buruz pentsatzen, Astigarraga burura datorkit. Herri hau ospetsua da sagardotegiz beteta egoteagatik. Nor ez da inoiz Astigarragako sagardotegi batera joan? Ba horixe da, hain zuzen ere, arazoa.
Han bizi direnentzat giroa jasanezin bihurtzen da sagardotegi garaian. Herritarrek esaten dute asteburuetan ezin dutela buelta bat eman umeekin, kaleak eta tabernak mozkorrez beteta daudelako. Gainera, astebururo borrokak ikus edo entzun daitezke, eta polizia ez dago kontrolatzeko.
Baina hori ez da dena… Egiten duten zaratak kalte egiten die herritarrei. Sagardotegi garaian lo egiteko arazo handiak dauzkate eta gero hori osasunean nabaritzen da. Horretaz aparte, ezin dugu zikinkeria ahaztu. Festa amaitu eta gero, kaleak eta atariak botilaz eta txizaz beteta daude.
Esandakoagatik denok ados gaude horrela ezin dela bizi. Nahiz eta turismoa erabat kontrolatzea zaila den, neurri batzuk har daitezke hobeto kudeatzeko. Adibidez, proposatuko nuke Udalak tabernen ordutegia murriztea eta kalean polizia gehiago jartzea giro ona mantentzeko.
Argi daukat zerbait egin behar dela elkarbizitza ona edukitzeko herritarren eta turisten artean eta Udalaren ardura dela. Baina, nire ustez, gakoa da, beti bezala, errespetuan oinarritutako heziketa lortzea, etorkizunean arazorik ez edukitzeko.
Leire
Idazlan polita Leirerena, bai horixe! Eskerrik asko.
Gainera, Leirek erabili duen arazoa / ondorioa / konponbidea ildoa gai askotarako zaigu baliagarri. Hortaz, badakizue: hartu ideiak haren testutik.
Mikel