Txikitan, eskolatik irten eta gero, Joxepiren dendaren aurrean pasatzen nintzen egunero, eta, bide batez, gozoki batzuk erosten nituen niretzat, eta ogia eta egunkaria etxerako. Orain dela urte batzuk, globalizazioaren eta kontsumismoaren gorakadaren eraginez, herritik kilometro batera denda handi bat ireki zuten, multinazional bat, hain zuzen ere. Haren irekitzeak kalte konponezina eragin zuen Joxepi bezalako denda txikietan. Tamalez, egoera hori ez da soilik gertatzen gure herrian, munduan zeharreko leku guztietan baizik.
Hainbat dira betiko denda txikien alde onak bezeroentzat: besteak beste, sarritan leku berean erosten baduzu, zure gustuak ezagutuko dituzte eta, horrenbestez, hobeto lagunduko dizute, eta erositako produktuen jatorria jakiteko aukera izango duzu. Horretaz gain, herriaren ekonomiarako badaude beste onura batzuk: alde batetik, denda handiek baino zerga gehiago herrian bertan ordaintzen dituzte, eta, bestetik, hiriguneak berpizten dituzte.
Hori dela eta, teorian, oso erraza da esatea denda txikiak sustatu behar ditugula. Errealitatean, hala eta guztiz ere, kontsumitzaileok ezin ditugu alde batera utzi denda handiek eskainitako abantailak. Hala nola, erosotasuna autoa aparkatzeko, prezioak gero eta merkeagoak, eta, batez ere, aniztasuna. Alde on horiek guztiak kontuan hartuta, ulergarria da kontsumitzaileok gero eta gehiago kontsumitzea denda handietan.
Niri dagokidanez, nahiz eta denda txikien aldekoa izan, aitortu behar dut, herritar gehienek bezala, multinazionaletan sarritan erosten dudala, eta, are txarragoa, Interneten bidez. Hortaz, oso zaila ikusten dut denda txikien desagertze prozesu hau itzulgarria izatea; izan ere, zorionez edo zoritxarrez, zenbat eta erosteko aukera teknologiko gehiago, orduan eta denda txiki gehiago desagertuko dira.
Gizakia, berez, hipokrita da, eta gai honetan ere hipokrita da. Familia asko negozio txikiei esker bizi direla ikusiagatik ere, neurririk gabe saltoki handietan erosten dugu. Agintariek kontsumitzaileei denda txikietan erosi behar dutela errepikatzen dieten arren, etengabe merkataritza-guneak eraikitzeko baimenak ematen dituzte.
Horregatik guztiagatik, nire irudikoz, saihestezina da, denboraren poderioz, denda txikiak desagertzea eta bezerook multinazionaletan erostea. Baina, edozelan ere, ukaezina da Joxepiren hurbiltasunaren falta sumatuko dugula.
Ana Castillejo