Gutun-eredua (IVAP, 4. H.E.)

Ea zer iruditzen zaizuen 2018/19 ikasturtean gure ikasle batek idatzitako gutuna. Hona hemen eskatu zitzaiona:

Gaia kontuan hartu eta eskutitza idatzi behar duzu. Gutxienez 250 hitz idatzi behar dituzu.

Gaia: Sailaren koordinatzailea zara, eta lan-antolaketan egin dituzun aldaketen berri eman behar diozu zuzendariari, hala eskatu dizu-eta.

Idatz iezaiozu eskutitza zuzendariari egindako aldaketen berri emateko eta hartutako erabakiak arrazoitzeko. Azaldu aldaketa horiek izango duten eragina lan-prozeduran, lan-harremanetan, lana burutzeko epeetan…

 

 

XXXXXXX XXXXXX XXXXX

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria
Hezkuntza Saila

Lan-antolaketa berria

 

Zuzendari hori:

Bi urte daramatzat dagoeneko Hezkuntza Bereziko koordinatzaile, eta epe horretan hainbat aldaketa egiteko beharra ikusi dut bai lan-prozeduran, bai Ian-harremanetan, betiere zerbitzuaren eraginkortasuna hobetzeko. Aurreko bileran, egindako aldaketen berri emateko eskatu zenidan, eta horretara dator idatzi hau.

Doikuntza horiek bi esparruri eragiten diete nagusiki: batetik, bete beharreko zereginen eta lanpostu bakoitzaren mailaren arteko lotura, eta, bestetik, lankideen arteko harremana.

Lehenengoari dagokionez, zereginak lanpostu bakoitzaren mailara egokitu ditugu. Dakizunez, gure zerbitzua bi teknikarik, administrari batek eta hiru administrari-laguntzailek osatzen dute. Aldaketak egin aurretik, teknikariek, beste zeregin askoren artean, eskaera bidezko izapidetze batzuk egiten zituzten, hala nola, txosten psikopedagogikoak jasotzea eta bidaltzea. Hori bitartekari-lan bat da, eta egokiagoa iruditu zait betebehar hori administrari-laguntzaileei esleitzea. Horrek teknikarien lan-karga gutxitzen lagunduko du, eta, horrenbestez, denbora gehiago izango dute bestelako betebeharrak egiteko.

Bestalde, lehen administrari-laguntzaileek zerbitzuko dirulaguntza-deialdiak osorik kudeatzen zituzten, teknikarien laguntzarik gabe. Orain, ordea, erabaki dugu teknikarien esku uztea ebazpen-proposamenak garatzea eta deialdietako esleipen-irizpideak egokitzea; xedea da erabakiak hartzeko orduan administrari-laguntzaileak gidatzea.

Hobetu beharreko bigarren arloa lankideen arteko komunikazioa izan da; izan ere, hasieratik sumatu dut laneko akatsen eta atzerapen gehienen arrazoia lankideen arteko elkarreragin txikia izan dela. Arazo hori konpontzeko asmoz, azkenaldian bi bilera antolatzen ditugu zerbitzuan. Batetik, zerbitzu-bilera, lankide guztion asteleheneroko topagunea; bertan, oraindik egiteke dauzkagun zereginak azaltzen ditugu, eta bakoitzak zertan jardungo duen aztertzen dugu. Bestetik, teknikarien eta administrari-Iaguntzaileen arteko bilera; asteartero egiten da, eta gaikako koordinaziorako balio du.

Nire ustez, zerbitzuko antolaketan egindako doikuntza hauek bai Ian-prozedurak bai harremanak hobetu dituzte, batez ere orain bakoitzak bere lanpostu-mailari dagozkion betebeharrak dauzkalako. Horrez gain, astero antolatutako bilerei esker, lankideen arteko komunikazioa nabarmen hobetu da.

Bukatzeko, eskertuko nizuke lan-antolaketa berriari buruzko zure oniritzia emango bazenit; horrela izanez gero, moldaketa hauekin jarraituko genuke gure eguneroko jardunean.

Besterik gabe, adeitasunez.

 

XXXXXXXXXXX XXXXXXX XXXXXX

Hezkuntza Bereziko koordinatzailea

Hezkuntza Saila

Gasteizen, 2018ko urriaren 15ean

Erlazionatutako argitalpenak

Utzi erantzuna