Artikulu hau idatzi dut nire semea hil delako. Hil da edo hil dute? Ez dakit garrantzitsua edo eraginkorra izango den zehaztapen hori argitzea. Hau da, zer aldatuko da epaitegi batek esaten badu reality madarikatu horren ekoiztetxea erruduna dela? Bere aseguruak ordainduko ditu epaile batek ezarritako kalte-ordainak, eta, agian, norbait sartuko dute kartzelan egun pare bat emateko. Agian. Baina horrelako saio nazkagarriak egiten jarraituko dute, denok ikus dezagun zabor hori, haiek poltsikoak diruz betetzen dituzten bitartean.
Nazkagarriena da ikustea nire semearen odola ondo datorkiela putre horiei. Bai, badakit nire semeari gertatutakoak telebista katea behartu zuela programa bertan behera uztera, baina, denbora pasa eta gero, ekoiztetxe horrek beste antzeko produktu bat aterako du, gure telebistako pantailetan agertuko dena. Zalantzarik gabe. Nire semearen heriotzak sortu duen polemikaz eta morboaz baliatuko dira putre bihozgabe horiek. Horrelakoa da jende hori, dirua irabazteko aukera ikusten badute, ez dute amore emango, hildakoak egon arren.
Horregatik, produktu horiek kontsumitzeari utzi egin behar diogu; haientzat denak balio du dirua irabazteko, kosta ahala kosta; guretzat ez. Gizakiaren duintasunean dago muga. Gu ez gara animalia irrazionalak; ez gara oihanean bizi. Jakin behar duzue nire semeak 200 metro igerian egin eta gero arnasa ezin harturik ibili zela. Gizajoari atseden hartzen utzi beharrean, ohiko elkarrizketa egitera behartu zuten ekoizleek, bizi-esperientzia azal zezan, bere azken bizi-esperientzia madarikatua. Medikuari, putre horien beste biktimari, ez zioten bere lana hasiera-hasieratik egiten utzi. Galdu zen denbora horrek zerikusia izan zuen nire semearen heriotzarekin, dudarik ez. Gainera, ospitalera helikopteroz eraman beharrean, itsasontziz eramaten saiatu ziren lau txanpon nazkagarri aurrezteko.
Argi eta garbi geratu da nolakoak diren ekoiztetxe horretako arduradunak. Dena bost axola zaie, dirua izan ezik. Diruaren usaina airean badago, ez dute zalantzarik izango, ezta eskuak odolez zikinduta ere, etekinak ateratzeko. Mesedez, telebista ikusten ari bazarete eta saio horietako bat agertzen bada zuen pantailetan, aldatu katea.
Unai López de Briñas