Atzo, etxera isilpean sartu nintzen. Nire hamabost urteko alaba han zegoen. Ispiluan begira. Ez zen konturatu nire presentziaz. Ikusi nuena ez zitzaidan batere gustatu; areago, beldurtu egin ninduen. Kamiseta titietaraino jasota. Arnasari eusten zion tripa sartzearekin batera, zilborra bizkarrean itsatsi nahi balu bezala. Gau osoa eman dut neuri buruari galdezka. Zergatik dira gazteak hain zorrotzak haien buruarekin? Daukaten gustatzeko beharragatik, agian? Gainera, gizarteak ez die inolako erraztasunik ematen.
Argi dago gizartean gailendu den edertasun eredua irreala dela, eta eredu irreal hori lortzeko modu ugari erabili ohi dituzte gure gazteek, osasunari on baino kalte handiagoa egiten diotenak.
Adibidez, argaltzeko produktuak erabiltzea horietako bat da. Nori ez zaio gertatu supermekatura joan eta produktu dietetikoen korridorean mirarizko orburu estraktu pote batek atentzioa ematea? Horrelako produktuak oso eskuragarriak dira, eta hala ere, ez dira eraginkorrak; are gehiago, kaltegabeak dirudite, baina gibela edo giltzurrunak kaltetu ditzakete. Eta hori gutxi balitz bezala, oso garestiak dira.
Argaltzeko produktuak erabiltzen dituztenez harago, kirola egitea muturrera eramaten dutenak daude. Denok dakigu kirola egitea ezinbestekoa dela sasoian egoteko, baina mugarik gabe eginez gero, obsesio bihur daiteke, bizitza guztia baldintzatzeraino, elikatzeko era eta aisialdirako daukagun denbora, esaterako. Talde honetan kulturismoa egiten duten edo gimnasioan egunean denbora gehiegi ematen duten pertsonak ditugu; arroza edo behar adina proteina jaten ez dutenean gaizki sentitzen direnak.
Eta ez daude oso urrun mirari dietetan sinesten dutenak. Gauza bat da dieta orekatua egiten saiatzea, eta beste bat, oso bestelakoa, aste osoa zainzuriak bakarrik jaten eman daitekeela pentsatzea. Izan ere, oso erangikorra ez izateaz gain, osasunerako kaltegarria ere izan daiteke.
Horrelako “mirariak” eta haien albo-ondorioak ekiditeko, hobe genuke gure seme-alabei haien burua onartzen irakastea, gizarteak eskatzen digun edertasun irreal hori lortzea ezinezkoa baita.
Niri dagokidanez, espero dut alaba ispilu aurrean aurkitzen dudan hurrengoan, aurrez aurre eta irribarre zabalarekin izatea.
Blanca