Van Gogh-en logela Arlesen

Ezin ukatuko dut gure Javierrek Olanoren inguruan egindako lan ederrak halako zirrara eragin didala. Neuk ere artea maite dut, eta nire ekarpentxoa helarazi nahi dizuet. Van Gogh-ek egindako artelan paregabea aurkeztuko dizuet, Logela Arlesen, hain zuzen. Segurutik behin baino gehiagotan ikusi duzue, dezente famatua eta ezaguna baita, baina badira lan eder honen atzean dauden hainbat kontu misteriotsu eta interesgarri.

Vincent Willem van Gogh 1888ko otsailean iritsi zen Arles herrira, Frantziako hegoaldera. Parisetik zetorren Théo anaiarekin zenbait hilabete bertan eman eta gero. Izan ere, hiriaren zalapartak gogaiturik toki lasaiago baten bila abiatu zen. Adituen arabera, Arlesen eta geroztik Auver-sur-Oisen obrarik garrantzitsuenak egin zituen. Margolari gisa eman zituen hamar urte eskasetan, sei prestakuntzan egin zituen, baina benetako maisu-lanak azkeneko lau urtetan etorri ziren.

Hasieran Carrel ostatuan eman zituen lehenbiziko hiru hilabeteak, Cavalerie kalean. Geroago, maiatza aldera Etxe Horian (La Casa Amarilla) gela parea alokatu zituen. Bertakoa da irudian ikusten den gela. Alabaina, ez da hauxe koadroaren bertsio bakarra, izan ere, hiru dira egun ikus ditzakegunak munduko hainbat museotan. Zergatik, ordea, tematika bereko hiru koadro?

Vincent oso harro zegoen egindakoarekin eta anaiari bidalitako gutunean, besteak beste, hauxe idatzi zion: “Litekeena duk egindako koadroen artean onenetakoa izatea berau”. Pentsa daiteke egindakoaren irudiaren inguruan bestelako estudioak egin nahi izatea, baina ezbehar batek eraman zuen beste bi kopia egitera.

Arles parean Rodano ibaia igarotzen da, eta urte hartan euri-jasa izugarri baten ondorioz Rodanok zeraman urak gainezka egin zuen. Hori gertatu zenean Vincent Saint-Remy herriko eroetxean zegoen gaixorik, Etxe Horitik zenbait kilometrotara. Bertan zegoela baimena eman zioten bere etxera joan eta gauza batzuk jasotzeko. Heldu zenean uholdeak bere etxean egindako kalteez jabetu zen. Logelaren koadroa kaltetua gertatu zen ertz batean uholdearengatik.

Ohi zuen moduan, koadroak egin ahala Theori bidaltzen zizkion inoiz salduko zituen esperantzaz. Alferrik, ordea. Van Goghek koadro bakarra (Mahasti Gorria) saldu zion 400 frankoren truke bere lagun baten arrebari, Ana Boch izenekoari. Delako laguna, Eugène Boch olerkaria zen, koadroaren lehen bertsioan dagoen erretratoetako batean agertzen den pertsonaia, hain zuzen. Koadroa anaiari bidali ondoren, beste gutun bat bidali zion koadroa bueltatzeko esanez, konpondu behar zuela-eta. Badirudi Théori ere izugarri atsegin izan zitzaiola logelaren koadroa, eta gehiago ez hondatzearren beste kopia bat egiteko aholkatu zion. Esan eta egin. 1889ko irailean anaiaren aholkuari jarraiki kopia egin zuen, eta berriro pozik emaitzarekin beste kopia bat egin zuen handik gutxira. Haietako bat amari eta arrebari bidali zien. Baina kopiak izanda ere, ez dira guztiz berdinak; antza izugarria bai, baina jatorrizko koadroan zeuden gauza batzuk erabat aldatu zituen.

Lehenbizikoan (Amsterdam, Van Gogh Museum) bi erretratu daude horman esekita. Arestian aipatu bezala, Eugène Boch lagunarena da lehena, eta bestea Paul Eugène Milliet Zuavo soldadu lagunari egindakoa, biak Arlesen, baina garai desberdinetan margotuak. Bigarren bertsioan (Chicago, The Art Institute of Chicago), erretratuak erabat aldatu zituen, eta aurrekoen ordez bere autorretratu bat jarri zuen eta ondoan emakume ezezagun batena. Ez da ezagutzen van Goghen obren artean erretratu hori beraz, pintatu ahala asmatuko zuen emakumearen irudia. Hirugarrenean (Paris, Musèe d’Orsay), beste bikote bat, baina oraingoan emakumea beltzarana da. Zer dela eta aldaketa horiek?

Familia oso garrantzitsua izan zen Vincententzat, nahiz eta askotan harreman txarrak eta korapilatsuak izan. Bera ere saiatu zen familia osatzen, baina saiakera guztietan porrot egin zuen. Londresen bizi zen tutoreen alabarekin saiatu zen lehenbizi; alargun geratu zen lehengusinarekin gero; eta, azkenik, La Hayako taberna batean Clasina María Hoornik prostituta ezagutu zuen, Sien goitizena zuena. Harekin eta beste gizon batekin izandako semearekin hilabete batzuk eman zituen, baina azkenik elkarrengandik banatzea erabaki zuten. Adituen ustez, horixe da ondoren egindako bi kopia horietan islatu nahi izan zuena, bikotea, familia, alegia. Inoiz bere familia osatzeko itxaropenaren ikonoa.

Logelaren koadroan elementu gehienak parekatuta daude: bi burko, bi koadro, bi erretratu, lehio ondoko koadroa eta ispilua, ohe-estalkia eta ohiala, bi botila, bi aulki…

1888ko urriaren 16an margotutako koadroren berri eman zion Théo anaiari gutun baten bidez, eta bertan egindakoaren krokisa marraztu zion. Gutunean ondokoa idatzi zion koadroaren kontura:

 

“Tira, krokis txiki bat bidaltzen diat orain zertan nabilen jakin dezaan; izan ere, lanean jarri nauk berriro. Begiak nekatuta zeuzkiat, baina buruan ideiatxo bat zebilkidan, eta hauxe duk emaitza. 30eko ohiala beti. Oraingoan nire logela baino ez duk, baina kolorea duk hemen garrantzitsuena; atsedena edo-eta loa adierazten diana. Irudiak burua lasaitu behar dik; are gehiago imajinazioa.

Paretak more-argia kolorekoak. Zorua baldosa gorriez osaturik. Ohe eta aulkiak gurina freskoak duen hori kolorekoak. Izarak eta burkoak berde-limoi argia diate. Ohe-estalkia gorri bizikoa. Lehioa berde. Konketa laranja; azpila urdinxka. Ateak lila kolorekoak. Eta horixe duk dena… Markoak zuria behar dik, koadroa egiteko ez diat-eta zuririk erabili. Bihar egun osoa emango diat lanean. Ez diat gehiago luzatu nahi; eguna argitu bezain laster lanean jarriko nauk koadroa amaitu arte.

Bueno Théo, espero diat laster batean hire berririk izatea. Hurrengoan beste proiektuen krokisak bidaliko dizkiat. Eskuminak!

(554. gutuna).

Vincent oso harro zegoen egindako lanaz eta onenetakoa zela uste zuen. Ez ziren iritzi berekoak, ordea, garai hartako kritikariak. Obra honetan erotasunaren zantzuak baino ez zituzten ikusi: perspektiba okerra edo ezinezkoa, objektuak aidean hegan ariko balira bezala, … Haien ustez halako lana zen Van Goghen erotasunaren erakusgarri.

Anaiari bidalitako gutunean itzalik ez zuela margotu nahi izan adierazten zuen, eta, zalantzarik gabe, erabaki horrek efektu berezia eragin zien gelako objektuei. Pentsatzekoa da leihoaz bestaldean sartzen ziren eguzki-printzeek kontrargi handia eragin behar zutela objektuen inguruan itzalak sorturik.

Perspektibaren arazoa ulertzeko, garai hartako etxearen planoetara jo beha dugu. Planoa ikusita hobeto uler dezakegu objektuen kokapena, eta perspektiba erabat zuzena dela ikus daiteke.

Baina zergatik ez zuen itzalik margotu nahi izan? Erantzuna Japonian daukagu. Bitxia, ezta? Vincent Japoniatik zetozen irudiak biltzen hasi zen Nuenenen bizi izan zeneko garaian, txunditurik baitzegoen hango artearekin. Edo garaiakoak ziren Katsushika Hokusai eta Ugatawa Hiroshige margolariak izugarri atsegin zituen, eta horien koadroen kopiak ere egin zituen. Bere koadro batzuetan, gainera, irudi horiek jarri zituen apaingarri gisa (Autorretratua belarria moztuta; Pére Tanguy-ren erretratua; Agostina Segatori Taumborin kafetegian).

Tira, txapa luzea, alajaina! Animatuko al zarete zuen kuttunenak blogean argitaratzen?

 

Erlazionatutako argitalpenak

Utzi erantzuna