Gasteizen, 2020ko apirilaren 12an
GAIA: Lan-ordutegi eta lanleku malguagoak
Andre agurgarri hori:
Iñigo Larralde Irigoien naiz eta Gasteizko enpresan egiten dut lan salmenta arloan. 2005ean hasi nintzen enpresan lanean, eta gogoratzen dut lanak izan nituela arloa martxan jartzen. Dena hankaz gora zegoen eta lankide guztiek motibazio falta zuten. Gainera, ia-ia urtero salmenta arloak galerak izaten zituen eta Gasteizko enpresaren etorkizuna arriskuan zegoen.
Hala ere, ni buru-belarri aritu nintzen eta gauza izan nintzen egoera larri hura aldatzeko. Are gehiago, 2010ean izendatu ninduzun arloko arduradun eta emaitzak agerikoak dira. Etekinak ez ezik langileen motibazioa ere igo egin da, eta, horren ondorioz, gaur egun, Gasteizko salmenta arloa errentagarriena da beste arlo guztien aldean.
Dena den, distira guztiak ez dira urre, eta niri arazo pertsonalak ekarri dizkit esfortzu horrek. Izan ere, nire arloa onena izateko familia alde batera utzi behar izan dut behin baino gehiagotan, eta emazteak esan zidan pasa den astean ez zegoela hori onartzerik.
Egia esatera, arrazoia du. Normalean, 7:00etan ateratzen naiz etxetik eta ia-ia egunero ailegatzen naiz etxera gaueko 21:00etan. Halaber, duela bi urte Izaro jaio zen eta asteburuetan baino ez dut ikusten.
Nahiz eta soldata ezin hobea jasotzen dudan hilero, gustatuko litzaidake lan-ordutegi malguagoa izatea, eta, ahal bada, astean bitan etxetik lan egitea. Izan ere, urte bat daramat lana eta familia bateragarriak egin ezinik, eta horrela jarraitzen badut, nire emazteak utzi egingo nau.
Nik badakit eskatzen ari naizena zaila dela, zuk nahiago zenukeela ni egunero enpresan izatea. Nolanahi ere, aintzat hartu behar duzu zer nolako aldaketa izan duen Gasteizko salmenta arloak azken hamahiru urteetan. Gainera, ziurtatzen dizut salmentak ez direla jaitsiko eta gure arloa errentagarriena izaten jarraituko duela, astean behin edo bitan etxetik lan egiten uzten badidazu.
Nire eskaera kontuan hartuko duzulakoan, agurtzen zaitut.
IVAPeko azterketa egin behar duzuenontzat, adibidez, eredu bikaina da hau gutun formala prestatzeko. Eskerrik asko, Iñigo!