Aurten Amaritu euskaltegia zabaldu dugu Gasteizko Pilar auzoan. Zigoitiako mendi horren izena aukeratu genuen euskaltegi berria bataiatzeko; izan ere, iparra galdu gabe ibili nahian, euskaltegitik gertuen dagoen mendia da, iparraldera jota. Eta hala, mendia dagoen eskualdeari erreparatuta, ginkana antolatzea erabaki genuen. Herriz herri egitea pentsatu genuen, baina herri gehiegi (18) zirela eta distantzia handiegia zela ikusita, erabaki genuen ibilbidea mugatzea eta 11 herri baino ez bisitatzea. Ibilbidea, autoz nahiz txirringaz, taldeka, binaka edota bakarka egitea da gure helburua. Herri bakoitzean zerbait aurkitu behar duzue partaideok, eta froga gisa, argazkia egin partaide bat edo beste agerian dagoela. Egun bakar batean edo hainbat egunetan egin dezakezue, guk norabidea eta ibilbidea baino ez dugu proposatuko. Aurkitu beharrekoak topatuta eta erretratatuta, zigoitianbarrena@gmail.com helbide elektronikora bidaliko dituzue, eskatutakoa bete dela ziurtatu ahal izateko. Leku / dorre / oroitarri… guztiak aurkitzen dituen orok saria izango du.
Hauxe da proposatzen dugun ibilbidea: Mendarozketa, Buruaga, Zestafe, Okoizta, Gorostiza, Etxaguen, Murua, Larrinoa, Manurga, Gopegi eta Ondategi.
Argazkiak jasotzeko azken eguna: ekainaren 11